MOZIOA: “NAFARROAKO GOBERNUARI ESKATZEN DIOGU NEURRIAK HARTZEA ETA BEHAR DIREN HITZARMENAK EGITEA n-121A ERREPIDEAN IRTEERA EDO HELMUGA EZ DUTEN MERKANTZIEN GARRAIOA BESTE ERREPIDE ALTERNATIBOETATIK JOATEKO, ERRIOXAKO ETA KATALUNIAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEK IBILGAILU ASTUNEN PROPORTZIOA HANDIA DEN ERREPIDE NAZIONALETAN EGIN DUTEN BEZALA (n-232, n-11, N-240 ETA N-340).”
ARGUMENTUAK:
N-121A errepidetik eta tuneletik pasatzen den ibilgailu astunen kopurua oso handia da, horrek arrisku nabarmena eragiten du errepideko erabiltzaileentzat eta eskualdeko herritarrentzat.
Tunelak:
Segurtasun neurriak ez dira nahikoak. Almandoz eta Belateko tuneletan lanak egin diren arren, itxiera baino lehenago bezala, kamioi kopurua etengabe igotzen baldin badoa, tunel hauen arrisku maila handituko da.
Tuneletan egindako lanek apenas dute eraginik izan arrisku faktorerik handiena konpontzeko, ibilgailu astunek su hartzea, eta, hori gertatzekotan, bertan dauden pertsonen biziraupena bermatzea (egindako ekintzak ez dira Gutxieneko segurtasunari buruzko 2004/54 Europako zuzentarauan zehazten direnak, gobernuak interpretatzen duen bezala).
Suteek sortzen dituzten ke eta gas toxikoak ez badira tunel barrutik behar bezala eta azkar husten, bertan dauden pertsonak arrisku larrian egonen dira, ikusgarritasun faltagatik eta gasek laster batean asfixia eragiten dutelako, beraz, tunelak ahalik eta azkarren hustu behar dira.
Sua itzaltzeko zerbitzuen erantzun azkarrik gabe, 2 tuneletako egungo aireztapen sistema ez da gai ibilgailu astun bateko suteko gasak kanporatzeko, barruan dauden pertsonak kaltetuta atera gabe. Tunel hauek ez dute larrialdi irteerarik erabiltzaileak modu azkar eta seguruan bertatik ateratzeko.
2015ean Belate eta Almandozko tuneletako arrisku analisia egin zen eta zehaztu zen bi tunel hauek azkeneko kategorian sartzen zirela, hau da, “arrisku handiko tunelak, ez dira segurutzat hartuko eta neurri osagarriak hartu beharko dira segurtasuna handitzeko eta zerbitzua ematen jarraitzeko”.
Analisiek, oraindik ere, emaitza okerragoak ematen ahal zituen zenbait aspektu astungarri kontuan hartu izan balira, adibidez, ibilgailu astunen suteen edo sute-hasieren maiztasuna, horrelako egoeretan erabiltzaileek hartu beharreko jokabideen berri ematen duten kanpainarik ez izatea, neguan merkantzia arriskutsuen garraioa inolako neurri gehigarririk gabe, edo eguneratutako larrialdi planik ez egotea.
Asko dira egunero tuneletatik pasatzen diren ibilgailu astunak (2.100 kamioi inguru 2014an), ondorioz suteak egon litezke. Analisi horietan sute arriskua gutxitzeko faktore nagusia epe motzean ibilgailu astunen trafikoa gutxitzea zela adierazi zuten.
Irteera edo helmuga N-121A errepidean ez duten ibilgailu astunen desbideratzearen ikerketa eginda (1200 kamioi inguru Nafarroako Gobernuaren estimazio baten arabera), ondorioztatzen da arrisku maila jaitsiko litzatekela, Almandozko tunelean maila onargarri batera eta Belateko tunelean maila onargarri batetik hurbil.
2016ko ekainean 31 udalek Nafarroako Gobernuari eskatu zioten presazko neurriak hartzeko probatuta dagoen arrisku maila jaisteko. Gobernuak ez zuen inolako neurririk hartu, nahiz eta analisi horiek ezagutu,.
Tuneletako arrisku maila hazi da. 2018an, ibilgailu astunen bolumena %50 igo da 2014tik; hau da, 2015ean egindako analisian baino 1000 kamioi gehiago pasatzen ziren. Adierazle horrek, zalantzarik gabe, txosten horietan estimatzen den arrisku maila handitzen du.
2018ko martxoaren 5etik 9ra, egunero 9000 ibilgailu pasa ziren tuneletatik, horietatik ia 3500 ibilgailu astunak ziren, %40. Estimatzen da ibilgailu astun horien %70, 2500 inguru, nazioarteko ibilbidea egiten dutela; hau da, N-121A errepideko eskualdean ez dute ez irteerarik ezta helmugarik ere.
Larrialdi zerbitzuen eraginkortasun eza eta arriskua. Hurbilen dagoen suhiltzaileen parkea (Oronoz-Mugairin) oso urruti dago tuneletan ibilgailu astun baten sutea itzaltzeko eraginkorra izateko eta ezbeharrean inplikatuta dauden pertsonak erreskatatzeko.
Eraginkortasuna ez da beharko litzatekeena; izan ere, erantzuna emateko denbora ez da egokia, lan hauetarako langileen formazioa ez da beharko litzatekeena eta dituzten ibilgailuak ere ez dira aproposenak.
Suteren bat baldin badago, Belateko Kontrol Zentroak ez du esku-hartzeko edo sua itzaltzeko gaitasunik.
Ondorioz, erabiltzaileak sutean inplikatuta ikusiko dira eta kanpoko laguntza teknikorik gabe, beraz, bere kabuz erabaki beharko dute zer egin babesteko.
Errepidea:
Tuneletan gertatzen den bezala, N-121A bi noranzko errepidea denez, istripuak gertatzeko probabilitatea handiagoa da, errepidea edo tunelak noranzko bakarrekoa denean baino; hau da noranzko bakarreko zirkulazioa eta zentzu baten eta bestearen artean bereizketa fisikoa duten errepideak (autopistak edo autobideak).
Istripu larrienak, portzentaje altu batean, N-121A bezalako bi noranzko dituzten errepideetan gertatzen dira, aurrez aurreko talkak egoten direlako. Istripu hauetako gertaerarik latzenak tartean ibilgailu astunak daudenean ematen dira.
Hori argi geratzen da N-121A errepidean.
10 hilabetetan (2017ko apiriletik 2018ko apirilera), 10 pertsona hil ziren, 12 zauritu larri eta beste hainbat arinago zauritu ziren. 10 heriotza horietatik 8tan (%80) aurrez aurreko talkak gertatu ziren eta hildakoak egon diren istripuen %70ean ibilgailu astunak egon dira tartean. Ibilgailu astun hauetako gidariak ere biktima izan dira: 2 hildako eta beste 4 larri zauritu.
Balantze honek, hala ere, ez du N-121A errepidearen egoeraren larritasuna erabat adierazten. Kontuan hartu behar dira artikulatutako ibilgailu astunek izandako beste 6 istripu larri aipatutako epearen azken 4 hilabeteetan: 3 kasutan artazia egin eta irauli dira ibilgailuak, beste 3 kasutan tuneleko ikusgarritasuna galdu zen Belateko tunelean kamioien turbo-motoreen matxurak eragindako kearengatik.
Epe berean, A-15 autobidean ez da inolako istripu hilgarririk gertatu eta ez da istripu adierazgarririk egon. Kontuan hartu behar da zirkulazio bolumen handiagoa duela eta noranzko bakarreko errepidea dela, N-121A errepidetik paraleloan doa eta honen alternatiba da.
Ikerketa askok adierazten dute (RAC-Real Automóvil Club, AIPCR-Asociación Mundial de la Carretera, sustapen Ministerioa, Trafiko Zuzendaritza Orokorra eta abar) kamioiak bi noranzko dituzten errepideetatik, autobia edo autopistetara desbideratzea, hildakoen kopurua jaitsiko lukeela.
Arazo honi irtenbidea emateko adibide argi eta arrakastatsuak ere badaude, adibidez N-II-koa Gironan, N-121A errepideko arazo ia berberarekin. Administrazioei inolako koste ekonomikorik ez die suposatu, mugara doazen eta mugatik datozen kamioiak AP-7 autopistatik desbideratzen dituzte. Hildakoen kopurua asko jaitsi da. Bi urteko probaldian (2014-2016) heriotzak 15etik 3ra jaitsi dira.
Adibide hori ez da bakarra, beste zenbait ere badaude, esaterako, N-232 errepidea Errioxan, N-340 Tarragonan, N-240 Lleidan….
Historikoki Nafarroan hauek izan dira istripu hilgarri gehien izan dituzten errepideak: N-121A, N-111 (Iruñea-Tutera) eta N-232 (Tutera-Logroño). Gaur egun, Nafarroan heriotza gehien dagoen errepidea N-121A errepidea da, nahiz eta 66 kilometroko ibilbide motza duen eta hainbat hobekuntza egin diren.
Errepide honetan, azken 25 urteetan 180 heriotza baino gehiago egon dira eta kontaezinak dira zauritutako pertsonak. Bakarrik 1999an eta 2005ean gainditu zen 10 heriotzetako langa eta aurten ere gainditu da.
Bitartean historikoki hilgarriak izan diren errepideetan heriotza kopurua jaisten ari dira, baina N-121A errepideko heriotza kopurua gehiengo historikoetara bueltatu da.
A15 errepidea bikoiztuta dagoen errepidea da, gaitasun handiagoa du trafikoa hartzeko eta seguruagoa da. Europarekin garraio lotura egiteko diseinatu eta proiektatu zen. A-15 errepidean gero eta kamioi gutxiago ibiltzen da, 2002an egunero 2.500 kamioi ibiltzen ziren eta 2017an 1.400. N-121A errepidean, ordea, kamioi kopurua handitzen doa, 2002an egunero 950 kamioi ibiltzen ziren, gaur egun 3000 (A-15eko datuak Gorosmendi tunelekoak, eta N-121A errepidekoak Belateko tunelekoak).
Krisialdi ekonomikoak eta merkantzien garraioari A-15 eta AP-8an jarri zaizkion gain-kostuek zer ikusi handia dute azken urte hauetan ibilgailu astunek egin duten errepide aldaketan.
N-121A errepidea ibilgailu astunez gainezka dago eta honek errepidearen segurtasunari eta trafiko-jarioari ez dio inolako mesederik egiten. Kamioi gehienek nazioarteko garraioa egiten dute, eta horrek eskualdean eragin ekonomiko gutxi du (salbu, sektore oso konkretu batzuetan, esaterako gasolindegiak). Eta eragin ekonomiko hori ez da inola ere konparagarria eta konpentsagarria segurtasun falta eta istripu kopurua handitzearekin.
A-15 errepideko bidesarien gain-kostua da nazioarteko garraioak N-121A errepidea aukeratzeko arrazoi nagusia. Ondorioz, Nafarroako Gobernuari dagokio behar diren neurriak hartzea eta behar diren hitzarmenak egitea N-121A errepideko istripu kopurua jaisteko.
2019 urtearen bukaeran izandako istripuan Azpilkuetako ama eta alaba bizia galdu bazuten, 2020 honetako hasiera ezin makurragoa izan da. Bi istripu berri non gure eskualdeko beste 3 lagun hilik suertatu dira. Bi istripuetan kamioen partehartzea gertatu da.