Bisita Gaitazu

Lekua eta jendea:

Geografia:

Odieta Kantabriar isuri aldeko Nafarroako bailara ezezagunenetariko bat izanen da segur aski, beharbada protagonismo osoa Baztango eta ondoan dagoen Ultzamako bailarek bereganatzen dutelako; horregatik, bailara aurkitzean, ezusteak hartzen du bidegilea, atseginez bere handitasunean.

Anozibar, Ziaurritz, Gaskue, Gelbentzu, Gendulain, Latasa, Ostitz eta Erripa (herriburua) herriek osatzen dute merindadearen hegoaldean kokaturiko Odietako bailara.

Ultzamako bailarak mugatzen du Odieta iparraldetik, Olaibar eta Ezkabartekoek hegoaldetik, Anueko bailarak ekialdetik eta Atezkoak mendebaletik.

Ultzama ibaiak zeharkatzen du Odieta ipar-mendebaletik hego-ekialdera, eta hiru zati bereizten ditu: erdialdekoa, zelaiagoa eta ibaitik hurbilena; Anueko bailaratik eta Mediano ibaiaren arrotik bereizten duten ipar-ekialdeko mendiak; eta, hego-mendebaleko lurralde garaiena (Aldaun, 914 metro).

Bailara honetara Iruñetik sartzen ahal da N-121Atik Frantziako norabidean, Ostizko gurutze-bidean ezkerrera hartuz NA-411 errepidetik, Ultzama ibaian gora.

Donostiatik, Urritzako gurutze-bidea hartuz, Ostitz-Lizasoko norabidean, NA-411 errepidetik; Iruñetik, Markalaindik, NA4100 errepidetik Gaskueraino. Puntu horietatik mugak Ostitz, Latasa eta Gaskuen daude.

Natura:

Odietako bailararen eguraldia subatlantiar motakoa da. Eskualde eta eguraldi horretan ohikoa den bertako landaretza. Nafarroako eskualde hezearen barnean sartzen da, pagadiak mendialdean, 600 metrotatik gora, eta hariztiak bailararen beheko aldeetan.

Baso-berritzeak 152 hektarea hartu zituen eta batez ere Austriako larizio pinuak landatu ziren.

Odietako barrutiak dituen 2.410 hektareaetatik gutxi gorabehera erdia zuhaitzek eta basoek hartzen dute (1.149 hektarea), eta beste erdia larreen (969 hektarea) eta laborantzaren artean banatzen da, bereziki bazka, laboreak, patatak eta barazkiak, eta mahasti gutxi batzuk. Pixkanaka-pixkanaka, laborantza horiek galduz joan dira, nahiz eta herri batzuetan oraindik artoa egiten den.

Abeltzantza bere garaian oso garrantzitsua izan zen; gaur egun, berriz, esne-behiak hazten dituzten behitegi gutxi batzuk besterik ez dago. Garrantzi gutxiagokoak dira haragitarako behien, behorren eta ardien ustiategiak, bailaran zehar sakabanaturiko ehuneko batzuk bakarrik.

Erliebe hau osatzen duten substratu mineralek eta bertan izaten diren formazioek bereganatzen dute eskualde honetako interes geologikoa: bereziki flysch ozeanikoa eta kare-harrizko tuparriak, Ziaurritz eta Gaskue arteko antiklinalean ikus daitekeen bezala.

2007. urtez geroztik Odietako bailarako herri bakoitzean herriak lotzen dituzten bidexkak erakusteko panelak daude. Ikasteko eta ibiltzeko errazak dira bide horiek, ez baitute inolako zailtasunik.

Historia:

Udalerriaren izena transmitituz joan da XII. Mendetik, aldaketarik gabe, salbuespen bakarra “Val de Hodieta” garrantzirik gabekoa da. Bailara honi izena ematen dion “Odieta” terminoak “sakana” edo ibaiaren “hertsigune” esan nahi du.

Oso berri historiko gutxi dago bailarari buruz. Badakigu Iruñeko Jerusalengo San Juan eta katedraleko ospitale-orden erlijiosoek sailak izan zituztela Anozibar, Ziaurritz, Gaskue, Ostitz eta Erripan, Erdi Aroan.

957. urtean, Gartzia Santxez I.a Erregeak Ziaurrizko Santa Krutz eliza Donemiliaga Kukulako monasterioari eman zion, eta 1071. urtean Erripako San Migel monasterioak Leireko San Salbadorrekin bat egin zuen.

Cabo de Armeria” delako bi jauregi zituen bailarak, Ziaurrizkoa eta Erripakoa; baina, soilik azken horrek segitzen du zutik, Ziaurrizkoa desagertu baita erabat. Barruti osoan gurtzeko irekia dagoen baseliza bakarra S. Urbanorena da. Aldiz, Anozibarko San Pedro eta Erripa-Gendualingo San Juan Xan baselizen inguruko harresia besterik ez da gelditzen, duela urte batzuk sute batek suntsitu baitzituen.

Antxo Azkarra erregeak forua eman zion, eta errege-altxorrari ordaindu beharreko petxak eta zergak arautu zituen, idazki honetan jasotzen den moduan: “los villanos propios por diferentes conceptos, los assaderos pro cena, las mujeres viudas, los villanos solariegos, los villanos estates en villas encartadas fuera del valle pero con posesiones en él, y los escusatos propiedad de infanzones“.

Gelbentzuko errektorea aukeratzeko bizilagunek bi hautagai proposatu zituzten, Juan Erripakoa eta Juan Gaskuekoa. Kasua erabakitzeko elizbarrutiko epaimahaiak esku hartu zuen, eta prozedura iraun zuen bitartean, hautagaiak elkar deskalifikatzen aritu ziren. Gaskuek bere akusazioetan datu historiko bat eman zuen, 1512ko abenduan Albreteko Juan erregearen armadari eraso egin zioten lekuari buruz.

Tradizioz esan izan da atzeguardia Belateko mendatean zegoela. Handik zihoazen alemaniarrak eta frantsesak ihesi, nekez mugara iritsi nahian, Iruñea eta Erresuma birkonkistatzeko ahaleginean huts egin ondoren, eta berekin zeramatzaten Gipuzkoarrek kendu zizkieten hamabi artilleria-pieza ezagunak.

Gaskueko Juanen esanetan, gertakaria Garragana izeneko aldean izan zen, Orin edo Ocin mendian, eta gertakari horretan Juan Erripakoak parte hartu zuen aktiboki, alemaniarrak eta frantsesak hil zituzten gizonen buru gisa, eta harrapatutakoa haien artean banatu zuten. Berri horren arabera, ekintza militarra Odietako bailararen lurraldean gertatu zen, eta Erripatik hurbil.

Nafarroako beste bailara batzuetan bezala, Antzinako Erregimenean gurea diputatu orokor baten bidez gobernatu zen, eta herri bakoitza errejidore baten bidez. Mende honen hasieran hiru irin-errota zegoen (Latasa, Erripa, Gendulain eta Ziaurritz).

Artea:

ANOZIBAR:

  • San Tomas Parrokia: Eliza hau 1832. urte aldera eraiki zen; hala ere, badauzka lehenagoko ereduen elementuak, barroko arotik zabaldutakoak. Horma batetik zintzilik XVII. mendeko gurutze (123×144) barroko bat dago, eta alde horrexetan horma-hobi batek XVII. mende erdialdeko Sorkundez Garbiaren erretaula gordetzen du. Erretaula nagusia romanista da XVI. mende amaierakoa.
  • Arkitektura Zibila: Alde batetik, Xiltrorena etxea nabarmentzen da, hiru mailako eraikin kubikoa, lehen maila harlanduz egina. Teilatuko egurrezko hegal bikoitzaren erdialdean ganbara bat tartekatzen da. Bestetik, Zabaltorena etxea XVII. mendekoa da, aurreko horma harlanduzkoa duena; lau mailako etxe izugarri handia da, eta lehen mailan erdi-puntuko arkua duen atea agertzen da; arkua, gainean hiruki-formako frontoi ireki bat duten pilastra kasetoidunez inguratua.

ZIAURRITZ:

  • Alexandriako Santa Katalina parrokia: Erdi-Aroko aztarna bakarra den bataiarriak adierazten duenez, badirudi haren jatorria garai hartakoa dela; hala ere, kontserbatzen dituen eraikineko elementurik zaharrenek, ateburuko tramu eta bobedak XVI. mendera arte garamatzate. Geroago, XVII eta XIX. mendeetan berrikuntzak egin ziren, eta 1961. urtean eliza zaharberritu zuten.
  • Arkitektura Zibila: Parrokiaren ondoan Jauregia Etxea jauregia altxatzen da, joera horizontaleko horma eta lau isuriko teilatua duen blokea da. Bigarren eta hirugarren solairuen artean XIX. mendeko kasket batez tinbratutako armarria agertzen da, eremuan bi banda gurutzatu dituena, honako inskripzio honekin batera: “El Palacio de Ciaurriz”.

GASKUE:

  • San Esteban parrokia: Eraikin hau gotiko berankor estiloko landa-eliza da, XVI. mendea aurrera zihoala eraikia. Nabarmentzekoa da XVII. mendeko portada, erdi-puntukoa da eta bi zutabe doriar artean dago, bi isuriko elizpe handi batek babestuta. Erretaula XVII. mendekoa da, eta ziur aski Iruñeko Karmen komentukoa da, zutabeetako armarrian adierazten den bezala.
  • San Urbano baseliza: Herritik bizpahiru kilometrotara aurkitzen da XVIII. mendeko baseliza barroko hau; haren gurutze latindarreko oinplanoa lau tramu, beso zuzeneko gurutzadura eta burualdea ere zuzena dituen nabe bakarrean antolatzen da. Erretaula neogotikoa da, XX. mendekoa, eta haren eskulturak ere modernoak dira, San Urbanoren tailua izan ezik, barroko herritarra baita.

GELBENTZU:

  • San Joan Ebanjelista parrokia: Landa-eliza honen jatorria XVI. mendean kokatzen ahal da, kontserbatzen duen eraikuntza-elementurik zaharrena burualdeko bobeda baita garai horretakoak diren antzinako sakristiaren aztarnekin batera. Gero, oraingo itxura eman dioten aldaketak izan ditu. Erretaula nagusia XVII. mendeko arte-lan barrokoa da, XIX. mendean zaharberritua, eta ordukoa da marmolak imitatuz estaltzen duen polikromia neoklasikoa.
  • Arkitektura Zibila: Bi etxe nabarmentzen dira, alde batetik Erregerena Etxeak ogia egiteko labe bat eta armarri rococo bat ditu itsasiak; bestetik, Gillentrorena Etxeak harlandu oneko horma dauka eta hiru mailatan antolatua da.

LATASA:

  • San Martin Tourskoa parrokia: Oraingo tenplua XVI. mendekoa da, ziur aski beste tenplu erromaniko baten gainean eraikia, baina horren aztarna bakarra oinen ataleko fajoi-arku bat eta bataiarria da. Elizpeak portada barrokoa babesten du, XVII. mendekoa, eta Gaskueko parrokiakoaren antzekoa. Erretaula nagusia XVII. mende erdialdekoa da, nahiz eta gero zaharberritua izan den, marmolen itxura ematen dion polikromia neoklasioak salatzen duen bezala.
  • Arkitektura Zibila: Ugari dira eskualdeko tipologiari jarraitzen dioten etxeak, hiru mailako horma luzituekin, hala nola Apezenea eta Amarreko Etxea; azken horrek erdi-puntuko bi arkuko portalea dauka.

OSTITZ:

  • San Joan Bataiatzaile parrokia: Eraikin hau landa-elizaren estiloarekin bat dator, 1200 urte aldera ugaldu zen protogotiko estilokoa, nahiz eta XVI. mendean burualdea birmoldatua izan zen haren eraikuntza elementuek adierazten duten bezala. San Joan Bataiatzailearen tailua errenazimentukoa da, XVI. mendearen bigarren herenekoa, estilo herrikoia du, eta presbiterioan arku itxurako harrizko santutegia dago paretan sarturik.
  • Arkitektura Zibila: Kale nagusian XVI. mendeko eraikin zenbait daude ilaran. Nabarmentzekoak dira batetik Erdi Aro berantiarreko Iriartea Etxea, harlanduzko hiru mailek osatua, eta bestetik Gartxotena Etxea, XVI. mende hasierako harlanduzko bloke handia, oso zaharberritua agertzen bada ere.

ERRIPA-GENDULAIN:

  • San Martin Tourskoa parrokia: Erdi Aroko jatorria du, oinen tartean punta itxura duen fajoi-arku bat kontserbatzen da, eta antzinako portada erdi-puntuko itxurakoa; aro protogotikoaren ezaugarriak ere baditu, 1200. urte aldekoak. Tenpluak zaharberritze nabarmena izan zuen XVI. mendean, eta birmoldaketek barroko aldian ere jarraitu zuten, Erdi Aroko atea ordezkatu zuen ate berri bat egin baitzen. Erretaula nagusi barrokoa XVII. mendeko lehen erdialdekoa da.
  • Arkitektura Zibila: Oro har, itxura handiko eraikinak nagusitzen dira, oso apainduak, hiru mailako horma luzitu, erdi-puntuko portale eta bi isuriko teilatuekin.

Iturria: Nafarroako Monumentuen Katalogoa V. Merindadea. Iruñea.

Euskara:

Latasan (Odieta) jaio zen Sancho de Elso izeneko apaiz batek doktrina kristau bat idatzi zuen “gaztelaniaz eta euskaraz”, eta horri esker historian sartu zen euskaraz idatzi zuen penintsulako lehen nafarra bezala. Katixima 1561ean argitaratu zuen, eta, haren alerik aurkitu ez bada ere, liburu zerrenda baten bidez jakin daiteke, haren tituluaz gain, non eta noiz inprimatu zen.

Hortaz, Odietako bailararen ohorea da apaiz horren jaiolekua izatea. Sancho de Elso kokatzen da, horrela, bi euskal idazle aitzindarien artean, Etxepare (1545) eta Joanes de Lizarraga (1571).

Atzera egiten badugu 1904. urtera arte, Iruñeko artzapezpikutzak eginiko elizako gida bat aurkitzen dugu, non honako galdera hau egiten den: euskaraz mintzo da? Eta erantzuna baiezkoa da Anueko artzapez-barrutian. Barruti horretan Ultzama, Anue, Odieta, Atetz, Txulapain eta Olaibar haranak sartzen ziren.

Irigarairi esker badakigu geroago ere, 1935ean, haran horiek guztiak euskaldunak zirela.

Odietan 1860. eta 1870. urteetan 633 biztanle zeuden, horietatik 590 biztanlek euskaraz hitz egiten zuten, hau da, %90. Euskararen galera, beraz, XX. mendekoa da.

Euskararen adituek Ultzama, Basaburua Handia, Atetz, Imotz eta Anueko haranetako eta Lanzko hizkera “Ultzamako euskalkia” edo “Lizasoko aldaera” deitu izan zuten, eta Iparraldeko goinafarreraren barnean sartu.

Odieta eta Txulapaingo euskara, berriz, hil zorian dagoen hegoaldeko goinafarrera kokatuko litzateke. Duela urte batzuk euskalki hori zen zabalduena, Nafarroako mendialde, erdialde eta Pirinieoetako bailaren barrena.

Nafarroan 60ko hamarkadan izan zen industrializazioak benetako exodoa ekarri zuen herrietatik hirietako lantegietara. Herrien hustutze horrek nagusiki gazte eta emakumeengan izan zuen eragina, eta, dudarik gabe, euskarari ere eragin zion.

Baina, beste kausa batzuk ere badaude. JM Satrustegi euskararen ikertzaile eta Euskaltzainak duela urte batzuk honako adierazpenak egin zituen: “Pueden ser múltiples las causas que han provocado esta situación, pero nos atrevemos a señalar la sacudida vertebral del 36 como punto de partida negativo que provocó una serie de reacciones en cadena que, en este caso, mantienen activo su impulso demoledor”.

Odietako bailaran hiriburuak izan duen eragina oso handia izan da, jendeak hara jotzen baitu normalean. Ibar honetan gaztelaniaren aldeko hizkuntza ordezkapena errealitatea da. 1972. urteko dauten arabera, euskara 60 urtetik gorako jendearengana mugatzen zen, eta horiek ere noizean behin baizik ez zuten erabiltzen.

1935ean Odietan 677 pertsona bizi zen, horietatik euskaldunak 203 ziren; 1972. urtean, berriz, 352 biztanle zegoen, euskaldunak 37 besterik ez (1*).

Euskaltzaindiak 1979an eginiko ikerketa soziolinguistiko batetik hartutako hitzak ekarriko ditugu orain hona: “Ultzama, Atetz eta Odietako lehenengo galera arrastoak azken gerratean nabaritzen hasten dira. Badira oraindik leku batzuk euskara gailen ageri dena. Lantzen eta Anueko haranean galera zertxobait lehenago hasi zen eta euskararen presentzia ahulagoa da (EUSKALTZAINDIA 1979:49).

Egungo garaietara etorriz, 1996 eta 2001eko zentsuetan jasotako datuak ditugu berrienak, alde batetik bi urte horietako kopuru eta proportzioak jakiteko eta, bestetik, neurtaldi batetik besterako bilakaera ikusteko. Horrela, 1996ko zentsuaren ariora, Odieta 324 lagun bizi ziren, horietatik 79 ziren euskaldunak (%24) eta 70 ia euskaldunak (%22); gainontzekoak, 175 (%54) erdaldunak. 2001. urtean, berriz, 318 biztanle ziren Odietan, 81 euskaldun (elebidun) 75 ia euskaldunak eta, beraz, 162 erdaldunak.

Odietaren euskara
Urte Biztanle Ulertu Hitz egin Irakurri Idatzi
1996 324

Ongi: 102 biztanle (%31,5)

Nekez: 47 biztanle (%14,5)

Ongi: 79 biztanle (%24,4)

Nekez: 54 biztanle (%16,7)

Ongi: 68 biztanle (%21)

Nekez: 33 biztanle (%10,2)

Ongi: 62 biztanle (%19,1)

Nekez: 34 biztanle (%10,5)

2001 318

Ongi: 86 biztanle (%27)

Nekez: 68 biztanle (%21)

Ongi: 81 biztanle (%25)

Nekez: 73 biztanle (%23)

Ongi: 70 biztanle (%22)

Nekez: 41 biztanle (%12)

Ongi: 64 biztanle (%20)

Nekez: 39 biztanle (%12)

Datu hauei begira, bost urteko tarte horretan euskaldunen kopuruak puntu bat gora egin duela esan daiteke. Eta hiztunen tipologiari dagokionez honako datuak ditugu:

Hizkuntza tipologia Emakumeak Gizonak Guztira
Euskaldun alfabetatua 31 33 64
Euskaldun ia alfabetatua 6 6 12
Euskaldun alfabetatugabea 1 2 3
Ia euskaldun alfabetatua 11 16 27
Ia euskaldun alfabetatugabea 19 29 48
Ia euskaldun pasiboa 0 0 0
Erdalduna 71 90 161
Ama hizkuntza (3 urteak arte) Emakumeak Gizonak Guztira
Euskara 19 12 31
Gaztelania 109 156 265
Euskara eta Gaztelania 11 8 19
Etxean gehien hitz egiten den hizkuntza Emakumeak Gizonak Guztira
Euskara 8 10 18
Gaztelania 122 159 281
Euskara eta Gaztelania 9 7 16

Odietan, laburbilduz, euskararen egoera minoritarioa da (%25), eta emakumezkoen eta gizonezkoen artean euskaldunen proportzioak paretsuak dira. Euskaldun guztiak alfabetatuak dira, eskoletan eta euskaltegietan ikasi duten seinale, eta horrek garamatza pentsatzera askok eskoletan bakarrik ikasi eta ikasten dutela euskara, ez etxean edo kalean. 2001. urteko zentsoko datuei erreparatuz gero, susmo hori egiaztatu egiten da, ikusi besterik ez baitago Odietan 0 eta 30 urte dituztenen artean ia inork ez duela etxean euskara jaso ama hizkuntza bezala. Odietan, beraz, etxeko euskara transmisioaren etenak bere horretan segitzen du. Eskolatzeari dagokionez, haur ia guztiak D ereduan matrikulatzen dira, Larraintzarko ikastetxean.(2*).

(1*): Iturri: “Ultzamako hizkera, Ultzama, Anue, Atez, Basaburu Nagusia, Imotz, Odieta eta Lantz”-1997 urtea- Orreaga Ibarra Murillo, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaslea.

(2*): Iturri: Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea.

Odietako Xendak:

Anozibar (Tamaño 913Kb).

Erripa (Tamaño 878Kb).

Gaskue (Tamaño 880Kb).

Gelbentzu (Tamaño 878Kb).

Gendulain (Tamaño 889Kb).

Latasa (Tamaño 896Kb).

Ostitz (Tamaño 867Kb).

Ziaurritz (Tamaño 877Kb).

Kondairak:

Odietako kondairarik sonatuena Anozibarko sorginena da. Florencio Idoatek bere “Rincones de la historia de Navarra. Pamplona 1979” liburuetan dioenaren arabera, honela dio kondairak:

Corria el siglo XVI cuando Mari-Juana, soltera de más de cincuenta años; sus sobrinos Martinico y Miguelico de diez y siete años; Miguel Zubiri y Garcia, su mujer, de poco más de cuarenta años, fueron
denunciados por sus vecinos. La acusación fue presentada ante la Corte Mayor por Don Pedro de Esain, abad de Ciaurriz y Anocibar, en vista de las manifestaciones que le hicieron los padres de los muchachos y
Maria de Larrainzar, su abuela, de que una mala mujer las había estragado y hecho hechiceros a sus hijos y nietos
“. Etxeetan zakur, katu eta beste animalia batzuen itxuraz etxeetan hegaka sartzea
leporatzen zieten. Soroak suntsitzen zituzten, elizetan sartu eta gurutzeari zein santuei iseka egiten zieten. Bizilagunen soro asko galdu egiten ziren “illiortia” izeneko gaixotasun batek jota, baina
sorginen soroek uzta oparoa ematen zituzten.

Esaten zutenez, sorginek ere gizon bat hil zuten, Pedro Miguel, herrira itzultzen zenean arratsalde euritsu batean. Maria Larraintzarkoak esan zuen bere semeetako hiru gauean osasuntsu oheratu zirela eta biharamunean eguerdian hilik zirela. Garcia andreari mezara ez joatea leporatu zioten, baina emakumeak sei urte zeramatzan gaixo.

Ohean jakin zuen sorgindu egin zutela. Mari Juanaren aitak apez bat eraman zuen bere semeari konjuruak egiteko. Gero urdaiazpiko bat oparitu zion, baina, bere etxera zihoala, Mari Juana eta haren lagun sorginekin topo egin zuen . Apaiza izutu egin zen, eta handik egun gutxitara hila zen, urdaiazpikoa dastatu ere gabe. Baina, Mari Juanak honela esan zuen: apaiz hark haren aitari poltsatik eta sukaldetik dena lapurtzen ziola, eta horregatik hil zela. Mari Juana eta Miguel oinaze-zaldian torturatu zituzten eta suaren tormentua eman zieten sutontzi batean, irakiten zegoen olioarekin oinak igurtziz, eta aitorpen lotsagarri batzuk aterarazi zizkieten. Garcia ahuleziaz hil zen espetxean, ia abandonaturik. Hogeita hamabost urte lehenago Espartza- Zaraitzuko sorginak urte betez deserrira kondenatu zituzten. Hemengoekin, ordea, ez zuten errukirik izan.

Florencio Idoatek ohar batekin bukatu zuen bere kontaketa. “En los papeles del juicio aparecen algunas palabras en euskera“; “illintia”, “enea aiz”, “enetako bear dun”. Herri hau euskaraz mintzatu da duela gutxi arte, baina litekeena da horiexek izatea hizkuntza horretan idatzi diren hitz bakarrak. Gaztelania, berriz, ateburuetan agertzen da harrizko letretan. Horixe izan da gure portaera; euskaraz hitz egin bai, baina idatzi ez. Eta gero geure buruari galdetzen diogu zergatik behera egin duen gure hizkuntzak. Herritik hurbil Aingeru Iturri iturria dago, eta hango ura sendagarria omen da.

Erromeriak:

“Gaskueko San Urbano Erromeria”

Dudarik gabe, San Urbanoko baselizako erromeria da tradiziorik garrantzitsuena. Gaskuen badago ere, San Urbano Odietako bailarako bizilagun guztien nortasun sinboloa da, maiatzaren azken igandean egiten den erromerian islatzen den bezala, nahiz eta San Urbano berez maiatzaren 25an izan; egun horretan, santua gurtzeko meza bat egiten da baselizan.

Zuzenagotzat ematen den bertsioaren arabera, San Urbano, aita saindu eta martiria, Erroman martirizatu zuten 233. urteko maiatzaren 25ean, Alejandro Severoren hamargarrenean, enperadore horrek Elizaren kontrako jazarpenik bultzatu ez bazuen ere, haren ministro batzuek Elizaren kontrako ekintza puntualak egin baitzituzten. Haren gorputza lurperatu gabe, ondoren jaso eta lurra eman zioten Pretextatoko hilerrian Via Apiaren ondoan.

Ez dakigu nola sartu zen haren kultua Nafarroan. Historikoki berandu izan zela dirudi, San Urbano ez baitago santuen izendegi hispanoromaniko eta bisigotikoan, ez VII. XI. mendeetako nekaldi-liburu hispanikoetan ere.

Fundazioko kondairaren arabera, baselizatik gertu elorri bat zegoen, eta haren gainean, tradizioak dioenez, San Urbano agertu zen. Ustezko mirakulua aspaldiko garai ez oso zehatzetan gertatu omen zen, hari laguntza eskatzen zion artzain gazte batek eskatuta. Artzaina maki zegoen eta sainduak hanka sendatu zion.

Antzeko mesede batzuek egin ondoren, Gaskueko jaunek, haien zerbitzariek eta herriko bizilagunek urtero maiatzaren 25ean saindua agertu zen lekura joateko botoak egin zituzten, eta San Urbano gurtzeko baseliza eraiki zuten. Herriko sinesmenak erreuma sendatzeko bertuteak aitortzen dio sainduari.

Baseliza horren jatorria ezezaguna da, neurri handi baten haren artxiboko liburuak desagertu zirelako.

Badakigu 1813an han zegoela, eta urte horretan frantsesek arpilatu zutela. Inbentario zehatz batek dio baseliza XVI. mende bukaeran berreraiki zela.

Gaur egungo baseliza neurri handiko eraikina da, oinplano berrikoa, eta obra 1905ean bukatu zen gaur duen gurutze latinoko forma emanda.

Santutegiak ermitau bat zuen, euskalduna, euskaraz mintzo zeneko eremu debozional baten ezaugarriekin bat. Urtean, haren zereginik printzipalena baselizaren mantenimenduaz arduratzea zen.

Abuztuaren 16az geroztik eta Garizuma bitartean, ermitaua herrietan zehar ibiltzen zen dirua biltzen santutegiaren beharrak betetzeko; behor baten gainean zihoan, San Urbanoren irudia zeukan kapera txiki bat zakutoan zeramala. Horregatik, “Santero” izenaz ere deitzen zitzaion.

Ermitauak eta Gaskueko San Urbanoren irudiak bisitatzen duen eskualde geografikoa bakarrik alderatzen ahal da, haren zabaleragatik, Aralarko Mikel doneak ibiltzen duenarekin. Informazio iturri batek dio azken aurreko ermitauak eta haren bi aurrekoek 369 herri bisitatu zituztela.

Antzina, erromeria maiatzaren 25ean izaten zen, San Urbano egunean.

Denboran eta espazioan haren hurbil dauden beste batzuk ez bezala, San Urbanon ez zen erromesaldi kolektiborik, Odietako bailarako herriendako bakarrik.

San Urbanoko erromeriak 1.200 kilometro baino gehiagoko lurraldea hartzera iritsi zen. Erromesak Nafarroako iparralde osotik, Sakanatik eta eskualdetik, baita Gipuzkoa eta inguruko eskualdetatik ere.

Hamabi meza ere egiten ziren latinez, sermoia gaztelaniaz, goizeko seietatik eguerdi artean, eta baselizaren inguruan prozesioa egin zen 1973 arte. Mezak bitartean euskarazko konfesio ugari egiten ziren.

Bazkaldu ondoren, zelaian arin-arin eta jotaren doinuak hasten ziren akordeoiak eta txistuak lagunduta, eta zortzikoak kantatzen ziren bertako euskaraz.

Gaur egun, herrietatik industria guneetarako migrazioaren ondorioz, eta horietako lana arautzen duen egutegiarengatik, erromeria eguna aldatu da maiatzaren 25etik maiatzaren azken igandera.

25ean ehunen bat pertsona elizkoi igotzen da baselizara bailarako herrietatik eta urrutiagotik ere, baseliza bisitatzeko tradizioa mantentzea gustukoa dutenak eta sainduaren egunean haren ohorean egiten den mezan parte hartu nahi dutenak.

Jaia lan-egutegira moldatu da, eta horrek etortzeko aukera ematen die kanpoan bizi diren bertakoei.

Odietako bizilagunendako, beste toki batzuetan herriratu diren bertakoak ere barne, haien jatorrizko nortasuna mantentzeko estrategia bat bezala da erromeria, eta haietako batzuk, hala nola Ziaurritz eta Erripakoak, elkarrekin joaten dira erromeriara.

Egun jaiaren egitura oso gutxi aldatu da. Goizak mezak egiten ematen dira, baina orain ez dira latinez izaten. Ordu oro, goizeko 9:00etatik 12:00ak arte euskaraz izaten dira, eta 13:00etan gaztelaniaz (duela bi urtez geroztik lehenbizi hiruak euskaraz eta azken biak gaztelaniaz).

Azken mezaren ondoren, herri kirolak egiten dira, eta, gero, jendea zelaian barreiatzen da bazkaltzeko eta dantza egiteko akordeoi-soinuekin ia ilundu arte, eta orduan nor bere herrira itzultzen da.

Iturria: Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoak. “Romeria de San Urbano de Gaskue. Expresiones de religiosidad, sociabilidad y reproducción de identidades colectivas“. José Ignacio Homobono. Soziologia Departamentuko irakaslea, Gizarte eta Informazio-Zientzien Fakultatean. Euskal Herriko Unibertsitatea.

Odieta, etxe bakoitzak izen bat:

Dudalarik zerbait pena zu
zaitut lagun lehena, ihes
leku hoberena. Zure
alderat inguratzen naiz
ahalik eta maizena. Munduko
leku maitena, zuri zor dautzut
naizena: izana eta izena.

Bertso hunkigarri horren bidez adierazi zuen Xalbadorrek, Nafarroa Behereko bertsolariak, berarentzat bere etxea zer zen: IZANA ETA IZENA.

Euskal Herriko jendartean, etxeak garrantzi handia izan du beti, bizilekua baino zerbait gehiago izan da. “Haren bizilagunen bizitzaren oinarri eta ardatza da; etxea eta haren ondasunak (etxaldea) beste guztiaren gainetik dago, hura kontserbatzea izaten da familien helburua. Ezin esan dezakegu etxea gurea dela, gu etxe horretakoak garela baizik; haren nortasuna dauka eta han bizi direnek izen hori hartzen dute” dio Jesus Goldaratzek, Doneztebeko (Olague baino aurrerago) parroko eta gai horien ikertzaileak.

Eta etxeei izena ematea da gure euskal kulturaren eta herri bezala dugun nortasunaren adierazleetako bat, gaur egun oraindik bizirik dirauena. Nafarroako Iparralde osoan dago ohitura hori, eta, beraz, Odietan ere bai. Gure herrietako etxe guztiek dute izena, eta izen horietako asko XVI. mendeko agirietan agertzen dira.

Oro har, izenek arbasoen bizimodua eta ohiturak adierazten dituzte. Jabearen edo haren lanbidearen aipamena egin ohi dute, edo etxea dagoen lekuarena.

Odietako Udalak, 2004. urtean, etxeko hormetan haien izena idazteko ekimena hartu zuen. Horrela, bizilagunak etxearen izenaren bidez identifikatzeko usadioa berreskuratzen saiatzen da ohitura hori ez galtzeko.

Agenda 21en barnean “Kantauri itsasoko hego isuri aldeko bailaren garapen jasangarrirako Tokiko Ekintza Plana” egin zenean sortu zen; plan horren asmoa da, beste lan ildo batzuen artean, Kantauri itsasoko hego isuri aldeko bailaren nortasuna eta kultura sustatzea.

Etxeen jabeen eskaeraren arabera, egurrezko 47 eta forjazko 67 idazkun egin ziren, eta bailarako zortzi herrietako hormetan paratu ziren.

Jatorrizko izenak ahalik eta zuzenen jasotzen saiatu ginen, eta horretarako historialari eta toponimian aditua den Mikel Belaskoren laguntza izan genuen.

Kostua Nafarroako Gobernuak finantzatu du, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Hiri Ingurumenaren Atalaren bidez.

Jan eta lo egin:

Jan
izena helbidea telefonoa faxa web orria
Lo egin
izena helbidea telefonoa web orria
Bordaberri Ziaurritz

Santa Katalina, 30

948307449

639-931108