Bisita Gaitzazu
Lekua eta jendea:
Geografia:
Odieta Kantabriar isuri aldeko Nafarroako bailara ezezagunenetariko bat izanen da segur aski, beharbada protagonismo osoa Baztango eta ondoan dagoen Ultzamako bailarek bereganatzen dutelako; horregatik, bailara aurkitzean, ezusteak hartzen du bidegilea, atseginez bere handitasunean.
Anozibar, Ziaurritz, Gaskue, Gelbentzu, Gendulain, Latasa, Ostitz eta Erripa (herriburua) herriek osatzen dute merindadearen hegoaldean kokaturiko Odietako bailara.
Ultzamako bailarak mugatzen du Odieta iparraldetik, Olaibar eta Ezkabartekoek hegoaldetik, Anueko bailarak ekialdetik eta Atezkoak mendebaletik.
Ultzama ibaiak zeharkatzen du Odieta ipar-mendebaletik hego-ekialdera, eta hiru zati bereizten ditu: erdialdekoa, zelaiagoa eta ibaitik hurbilena; Anueko bailaratik eta Mediano ibaiaren arrotik bereizten duten ipar-ekialdeko mendiak; eta, hego-mendebaleko lurralde garaiena (Aldaun, 914 metro).
Bailara honetara Iruñetik sartzen ahal da N-121Atik Frantziako norabidean, Ostizko gurutze-bidean ezkerrera hartuz NA-411 errepidetik, Ultzama ibaian gora.
Donostiatik, Urritzako gurutze-bidea hartuz, Ostitz-Lizasoko norabidean, NA-411 errepidetik; Iruñetik, Markalaindik, NA4100 errepidetik Gaskueraino. Puntu horietatik mugak Ostitz, Latasa eta Gaskuen daude.
Euskara:
Latasan (Odieta) jaio zen Sancho de Elso izeneko apaiz batek doktrina kristau bat idatzi zuen “gaztelaniaz eta euskaraz”, eta horri esker historian sartu zen euskaraz idatzi zuen penintsulako lehen nafarra bezala. Katixima 1561ean argitaratu zuen, eta, haren alerik aurkitu ez bada ere, liburu zerrenda baten bidez jakin daiteke, haren tituluaz gain, non eta noiz inprimatu zen.
Hortaz, Odietako bailararen ohorea da apaiz horren jaiolekua izatea. Sancho de Elso kokatzen da, horrela, bi euskal idazle aitzindarien artean, Etxepare (1545) eta Joanes de Lizarraga (1571).
Atzera egiten badugu 1904. urtera arte, Iruñeko artzapezpikutzak eginiko elizako gida bat aurkitzen dugu, non honako galdera hau egiten den: euskaraz mintzo da? Eta erantzuna baiezkoa da Anueko artzapez-barrutian. Barruti horretan Ultzama, Anue, Odieta, Atetz, Txulapain eta Olaibar haranak sartzen ziren.
Irigarairi esker badakigu geroago ere, 1935ean, haran horiek guztiak euskaldunak zirela.
Odietan 1860. eta 1870. urteetan 633 biztanle zeuden, horietatik 590 biztanlek euskaraz hitz egiten zuten, hau da, %90. Euskararen galera, beraz, XX. mendekoa da.
Euskararen adituek Ultzama, Basaburua Handia, Atetz, Imotz eta Anueko haranetako eta Lanzko hizkera “Ultzamako euskalkia” edo “Lizasoko aldaera” deitu izan zuten, eta Iparraldeko goinafarreraren barnean sartu.
Odieta eta Txulapaingo euskara, berriz, hil zorian dagoen hegoaldeko goinafarrera kokatuko litzateke. Duela urte batzuk euskalki hori zen zabalduena, Nafarroako mendialde, erdialde eta Pirinieoetako bailaren barrena.
Nafarroan 60ko hamarkadan izan zen industrializazioak benetako exodoa ekarri zuen herrietatik hirietako lantegietara. Herrien hustutze horrek nagusiki gazte eta emakumeengan izan zuen eragina, eta, dudarik gabe, euskarari ere eragin zion.
Baina, beste kausa batzuk ere badaude. JM Satrustegi euskararen ikertzaile eta Euskaltzainak duela urte batzuk honako adierazpenak egin zituen: “Pueden ser múltiples las causas que han provocado esta situación, pero nos atrevemos a señalar la sacudida vertebral del 36 como punto de partida negativo que provocó una serie de reacciones en cadena que, en este caso, mantienen activo su impulso demoledor”.
Odietako bailaran hiriburuak izan duen eragina oso handia izan da, jendeak hara jotzen baitu normalean. Ibar honetan gaztelaniaren aldeko hizkuntza ordezkapena errealitatea da. 1972. urteko dauten arabera, euskara 60 urtetik gorako jendearengana mugatzen zen, eta horiek ere noizean behin baizik ez zuten erabiltzen.
1935ean Odietan 677 pertsona bizi zen, horietatik euskaldunak 203 ziren; 1972. urtean, berriz, 352 biztanle zegoen, euskaldunak 37 besterik ez (1*).
Euskaltzaindiak 1979an eginiko ikerketa soziolinguistiko batetik hartutako hitzak ekarriko ditugu orain hona: “Ultzama, Atetz eta Odietako lehenengo galera arrastoak azken gerratean nabaritzen hasten dira. Badira oraindik leku batzuk euskara gailen ageri dena. Lantzen eta Anueko haranean galera zertxobait lehenago hasi zen eta euskararen presentzia ahulagoa da (EUSKALTZAINDIA 1979:49).
Egungo garaietara etorriz, 1996 eta 2001eko zentsuetan jasotako datuak ditugu berrienak, alde batetik bi urte horietako kopuru eta proportzioak jakiteko eta, bestetik, neurtaldi batetik besterako bilakaera ikusteko. Horrela, 1996ko zentsuaren ariora, Odieta 324 lagun bizi ziren, horietatik 79 ziren euskaldunak (%24) eta 70 ia euskaldunak (%22); gainontzekoak, 175 (%54) erdaldunak. 2001. urtean, berriz, 318 biztanle ziren Odietan, 81 euskaldun (elebidun) 75 ia euskaldunak eta, beraz, 162 erdaldunak.
Urte | Biztanle | Ulertu | Hitz egin | Irakurri | Idatzi |
---|---|---|---|---|---|
1996 | 324 |
Ongi: 102 biztanle (%31,5) Nekez: 47 biztanle (%14,5) |
Ongi: 79 biztanle (%24,4) Nekez: 54 biztanle (%16,7) |
Ongi: 68 biztanle (%21) Nekez: 33 biztanle (%10,2) |
Ongi: 62 biztanle (%19,1) Nekez: 34 biztanle (%10,5) |
2001 | 318 |
Ongi: 86 biztanle (%27) Nekez: 68 biztanle (%21) |
Ongi: 81 biztanle (%25) Nekez: 73 biztanle (%23) |
Ongi: 70 biztanle (%22) Nekez: 41 biztanle (%12) |
Ongi: 64 biztanle (%20) Nekez: 39 biztanle (%12) |
Datu hauei begira, bost urteko tarte horretan euskaldunen kopuruak puntu bat gora egin duela esan daiteke. Eta hiztunen tipologiari dagokionez honako datuak ditugu:
Hizkuntza tipologia | Emakumeak | Gizonak | Guztira |
---|---|---|---|
Euskaldun alfabetatua | 31 | 33 | 64 |
Euskaldun ia alfabetatua | 6 | 6 | 12 |
Euskaldun alfabetatugabea | 1 | 2 | 3 |
Ia euskaldun alfabetatua | 11 | 16 | 27 |
Ia euskaldun alfabetatugabea | 19 | 29 | 48 |
Ia euskaldun pasiboa | 0 | 0 | 0 |
Erdalduna | 71 | 90 | 161 |
Ama hizkuntza (3 urteak arte) | Emakumeak | Gizonak | Guztira |
---|---|---|---|
Euskara | 19 | 12 | 31 |
Gaztelania | 109 | 156 | 265 |
Euskara eta Gaztelania | 11 | 8 | 19 |
Etxean gehien hitz egiten den hizkuntza | Emakumeak | Gizonak | Guztira |
---|---|---|---|
Euskara | 8 | 10 | 18 |
Gaztelania | 122 | 159 | 281 |
Euskara eta Gaztelania | 9 | 7 | 16 |
Odietan, laburbilduz, euskararen egoera minoritarioa da (%25), eta emakumezkoen eta gizonezkoen artean euskaldunen proportzioak paretsuak dira. Euskaldun guztiak alfabetatuak dira, eskoletan eta euskaltegietan ikasi duten seinale, eta horrek garamatza pentsatzera askok eskoletan bakarrik ikasi eta ikasten dutela euskara, ez etxean edo kalean. 2001. urteko zentsoko datuei erreparatuz gero, susmo hori egiaztatu egiten da, ikusi besterik ez baitago Odietan 0 eta 30 urte dituztenen artean ia inork ez duela etxean euskara jaso ama hizkuntza bezala. Odietan, beraz, etxeko euskara transmisioaren etenak bere horretan segitzen du. Eskolatzeari dagokionez, haur ia guztiak D ereduan matrikulatzen dira, Larraintzarko ikastetxean.(2*).
(1*): Iturri: “Ultzamako hizkera, Ultzama, Anue, Atez, Basaburu Nagusia, Imotz, Odieta eta Lantz”-1997 urtea- Orreaga Ibarra Murillo, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaslea.
(2*): Iturri: Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea.
Kondairak:
Odietako kondairarik sonatuena Anozibarko sorginena da. Florencio Idoatek bere “Rincones de la historia de Navarra. Pamplona 1979” liburuetan dioenaren arabera, honela dio kondairak:
“Corria el siglo XVI cuando Mari-Juana, soltera de más de cincuenta años; sus sobrinos Martinico y Miguelico de diez y siete años; Miguel Zubiri y Garcia, su mujer, de poco más de cuarenta años, fueron
denunciados por sus vecinos. La acusación fue presentada ante la Corte Mayor por Don Pedro de Esain, abad de Ciaurriz y Anocibar, en vista de las manifestaciones que le hicieron los padres de los muchachos y
Maria de Larrainzar, su abuela, de que una mala mujer las había estragado y hecho hechiceros a sus hijos y nietos“. Etxeetan zakur, katu eta beste animalia batzuen itxuraz etxeetan hegaka sartzea
leporatzen zieten. Soroak suntsitzen zituzten, elizetan sartu eta gurutzeari zein santuei iseka egiten zieten. Bizilagunen soro asko galdu egiten ziren “illiortia” izeneko gaixotasun batek jota, baina
sorginen soroek uzta oparoa ematen zituzten.
Esaten zutenez, sorginek ere gizon bat hil zuten, Pedro Miguel, herrira itzultzen zenean arratsalde euritsu batean. Maria Larraintzarkoak esan zuen bere semeetako hiru gauean osasuntsu oheratu zirela eta biharamunean eguerdian hilik zirela. Garcia andreari mezara ez joatea leporatu zioten, baina emakumeak sei urte zeramatzan gaixo.
Ohean jakin zuen sorgindu egin zutela. Mari Juanaren aitak apez bat eraman zuen bere semeari konjuruak egiteko. Gero urdaiazpiko bat oparitu zion, baina, bere etxera zihoala, Mari Juana eta haren lagun sorginekin topo egin zuen . Apaiza izutu egin zen, eta handik egun gutxitara hila zen, urdaiazpikoa dastatu ere gabe. Baina, Mari Juanak honela esan zuen: apaiz hark haren aitari poltsatik eta sukaldetik dena lapurtzen ziola, eta horregatik hil zela. Mari Juana eta Miguel oinaze-zaldian torturatu zituzten eta suaren tormentua eman zieten sutontzi batean, irakiten zegoen olioarekin oinak igurtziz, eta aitorpen lotsagarri batzuk aterarazi zizkieten. Garcia ahuleziaz hil zen espetxean, ia abandonaturik. Hogeita hamabost urte lehenago Espartza- Zaraitzuko sorginak urte betez deserrira kondenatu zituzten. Hemengoekin, ordea, ez zuten errukirik izan.
Florencio Idoatek ohar batekin bukatu zuen bere kontaketa. “En los papeles del juicio aparecen algunas palabras en euskera“; “illintia”, “enea aiz”, “enetako bear dun”. Herri hau euskaraz mintzatu da duela gutxi arte, baina litekeena da horiexek izatea hizkuntza horretan idatzi diren hitz bakarrak. Gaztelania, berriz, ateburuetan agertzen da harrizko letretan. Horixe izan da gure portaera; euskaraz hitz egin bai, baina idatzi ez. Eta gero geure buruari galdetzen diogu zergatik behera egin duen gure hizkuntzak. Herritik hurbil Aingeru Iturri iturria dago, eta hango ura sendagarria omen da.
Erromeriak:
Odieta, etxe bakoitzak izen bat:
Dudalarik zerbait pena zu
zaitut lagun lehena, ihes
leku hoberena. Zure
alderat inguratzen naiz
ahalik eta maizena. Munduko
leku maitena, zuri zor dautzut
naizena: izana eta izena.
Bertso hunkigarri horren bidez adierazi zuen Xalbadorrek, Nafarroa Behereko bertsolariak, berarentzat bere etxea zer zen: IZANA ETA IZENA.
Euskal Herriko jendartean, etxeak garrantzi handia izan du beti, bizilekua baino zerbait gehiago izan da. “Haren bizilagunen bizitzaren oinarri eta ardatza da; etxea eta haren ondasunak (etxaldea) beste guztiaren gainetik dago, hura kontserbatzea izaten da familien helburua. Ezin esan dezakegu etxea gurea dela, gu etxe horretakoak garela baizik; haren nortasuna dauka eta han bizi direnek izen hori hartzen dute” dio Jesus Goldaratzek, Doneztebeko (Olague baino aurrerago) parroko eta gai horien ikertzaileak.
Eta etxeei izena ematea da gure euskal kulturaren eta herri bezala dugun nortasunaren adierazleetako bat, gaur egun oraindik bizirik dirauena. Nafarroako Iparralde osoan dago ohitura hori, eta, beraz, Odietan ere bai. Gure herrietako etxe guztiek dute izena, eta izen horietako asko XVI. mendeko agirietan agertzen dira.
Oro har, izenek arbasoen bizimodua eta ohiturak adierazten dituzte. Jabearen edo haren lanbidearen aipamena egin ohi dute, edo etxea dagoen lekuarena.
Odietako Udalak, 2004. urtean, etxeko hormetan haien izena idazteko ekimena hartu zuen. Horrela, bizilagunak etxearen izenaren bidez identifikatzeko usadioa berreskuratzen saiatzen da ohitura hori ez galtzeko.
Agenda 21en barnean “Kantauri itsasoko hego isuri aldeko bailaren garapen jasangarrirako Tokiko Ekintza Plana” egin zenean sortu zen; plan horren asmoa da, beste lan ildo batzuen artean, Kantauri itsasoko hego isuri aldeko bailaren nortasuna eta kultura sustatzea.
Etxeen jabeen eskaeraren arabera, egurrezko 47 eta forjazko 67 idazkun egin ziren, eta bailarako zortzi herrietako hormetan paratu ziren.
Jatorrizko izenak ahalik eta zuzenen jasotzen saiatu ginen, eta horretarako historialari eta toponimian aditua den Mikel Belaskoren laguntza izan genuen.
Kostua Nafarroako Gobernuak finantzatu du, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Hiri Ingurumenaren Atalaren bidez.
Jan eta lo egin:
izena | helbidea | telefonoa | faxa | web orria |
---|---|---|---|---|
izena | helbidea | telefonoa | web orria | |
---|---|---|---|---|
Bordaberri | Ziaurritz
Santa Katalina, 30 |
948307449
639-931108 |
||