Udalbatza
ANOZIBAR:
- San Tomas Parrokia: Eliza hau 1832. urte aldera eraiki zen; hala ere, badauzka lehenagoko ereduen elementuak, barroko arotik zabaldutakoak. Horma batetik zintzilik XVII. mendeko gurutze (123×144) barroko bat dago, eta alde horrexetan horma-hobi batek XVII. mende erdialdeko Sorkundez Garbiaren erretaula gordetzen du. Erretaula nagusia romanista da XVI. mende amaierakoa.
- Arkitektura Zibila: Alde batetik, Xiltrorena etxea nabarmentzen da, hiru mailako eraikin kubikoa, lehen maila harlanduz egina. Teilatuko egurrezko hegal bikoitzaren erdialdean ganbara bat tartekatzen da. Bestetik, Zabaltorena etxea XVII. mendekoa da, aurreko horma harlanduzkoa duena; lau mailako etxe izugarri handia da, eta lehen mailan erdi-puntuko arkua duen atea agertzen da; arkua, gainean hiruki-formako frontoi ireki bat duten pilastra kasetoidunez inguratua.
ZIAURRITZ:
- Alexandriako Santa Katalina parrokia: Erdi-Aroko aztarna bakarra den bataiarriak adierazten duenez, badirudi haren jatorria garai hartakoa dela; hala ere, kontserbatzen dituen eraikineko elementurik zaharrenek, ateburuko tramu eta bobedak XVI. mendera arte garamatzate. Geroago, XVII eta XIX. mendeetan berrikuntzak egin ziren, eta 1961. urtean eliza zaharberritu zuten.
- Arkitektura Zibila: Parrokiaren ondoan Jauregia Etxea jauregia altxatzen da, joera horizontaleko horma eta lau isuriko teilatua duen blokea da. Bigarren eta hirugarren solairuen artean XIX. mendeko kasket batez tinbratutako armarria agertzen da, eremuan bi banda gurutzatu dituena, honako inskripzio honekin batera: “El Palacio de Ciaurriz”.
GASKUE:
- San Esteban parrokia: Eraikin hau gotiko berankor estiloko landa-eliza da, XVI. mendea aurrera zihoala eraikia. Nabarmentzekoa da XVII. mendeko portada, erdi-puntukoa da eta bi zutabe doriar artean dago, bi isuriko elizpe handi batek babestuta. Erretaula XVII. mendekoa da, eta ziur aski Iruñeko Karmen komentukoa da, zutabeetako armarrian adierazten den bezala.
- San Urbano baseliza: Herritik bizpahiru kilometrotara aurkitzen da XVIII. mendeko baseliza barroko hau; haren gurutze latindarreko oinplanoa lau tramu, beso zuzeneko gurutzadura eta burualdea ere zuzena dituen nabe bakarrean antolatzen da. Erretaula neogotikoa da, XX. mendekoa, eta haren eskulturak ere modernoak dira, San Urbanoren tailua izan ezik, barroko herritarra baita.
GELBENTZU:
- San Joan Ebanjelista parrokia: Landa-eliza honen jatorria XVI. mendean kokatzen ahal da, kontserbatzen duen eraikuntza-elementurik zaharrena burualdeko bobeda baita garai horretakoak diren antzinako sakristiaren aztarnekin batera. Gero, oraingo itxura eman dioten aldaketak izan ditu. Erretaula nagusia XVII. mendeko arte-lan barrokoa da, XIX. mendean zaharberritua, eta ordukoa da marmolak imitatuz estaltzen duen polikromia neoklasikoa.
- Arkitektura Zibila: Bi etxe nabarmentzen dira, alde batetik Erregerena Etxeak ogia egiteko labe bat eta armarri rococo bat ditu itsasiak; bestetik, Gillentrorena Etxeak harlandu oneko horma dauka eta hiru mailatan antolatua da.
LATASA:
- San Martin Tourskoa parrokia: Oraingo tenplua XVI. mendekoa da, ziur aski beste tenplu erromaniko baten gainean eraikia, baina horren aztarna bakarra oinen ataleko fajoi-arku bat eta bataiarria da. Elizpeak portada barrokoa babesten du, XVII. mendekoa, eta Gaskueko parrokiakoaren antzekoa. Erretaula nagusia XVII. mende erdialdekoa da, nahiz eta gero zaharberritua izan den, marmolen itxura ematen dion polikromia neoklasioak salatzen duen bezala.
- Arkitektura Zibila: Ugari dira eskualdeko tipologiari jarraitzen dioten etxeak, hiru mailako horma luzituekin, hala nola Apezenea eta Amarreko Etxea; azken horrek erdi-puntuko bi arkuko portalea dauka.
OSTITZ:
- San Joan Bataiatzaile parrokia: Eraikin hau landa-elizaren estiloarekin bat dator, 1200 urte aldera ugaldu zen protogotiko estilokoa, nahiz eta XVI. mendean burualdea birmoldatua izan zen haren eraikuntza elementuek adierazten duten bezala. San Joan Bataiatzailearen tailua errenazimentukoa da, XVI. mendearen bigarren herenekoa, estilo herrikoia du, eta presbiterioan arku itxurako harrizko santutegia dago paretan sarturik.
- Arkitektura Zibila: Kale nagusian XVI. mendeko eraikin zenbait daude ilaran. Nabarmentzekoak dira batetik Erdi Aro berantiarreko Iriartea Etxea, harlanduzko hiru mailek osatua, eta bestetik Gartxotena Etxea, XVI. mende hasierako harlanduzko bloke handia, oso zaharberritua agertzen bada ere.
ERRIPA-GENDULAIN:
- San Martin Tourskoa parrokia: Erdi Aroko jatorria du, oinen tartean punta itxura duen fajoi-arku bat kontserbatzen da, eta antzinako portada erdi-puntuko itxurakoa; aro protogotikoaren ezaugarriak ere baditu, 1200. urte aldekoak. Tenpluak zaharberritze nabarmena izan zuen XVI. mendean, eta birmoldaketek barroko aldian ere jarraitu zuten, Erdi Aroko atea ordezkatu zuen ate berri bat egin baitzen. Erretaula nagusi barrokoa XVII. mendeko lehen erdialdekoa da.
- Arkitektura Zibila: Oro har, itxura handiko eraikinak nagusitzen dira, oso apainduak, hiru mailako horma luzitu, erdi-puntuko portale eta bi isuriko teilatuekin.