Ayuntamiento de Odieta / Odietako Udala

Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu erabiltzaile gisa duten esperientzia hobetzeko. Webgune honetako edozein estekatan klik egitean, zure nabigatzailean horiek instalatzeko baimena ematen diguzu.

Gaskueko San Urbano Erromeria

Dudarik gabe, San Urbanoko baselizako erromeria da tradiziorik garrantzitsuena. Gaskuen badago ere, San Urbano Odietako bailarako bizilagun guztien nortasun sinboloa da, maiatzaren azken igandean egiten den erromerian islatzen den bezala, nahiz eta San Urbano berez maiatzaren 25an izan; egun horretan, santua gurtzeko meza bat egiten da baselizan.

Zuzenagotzat ematen den bertsioaren arabera, San Urbano, aita saindu eta martiria, Erroman martirizatu zuten 233. urteko maiatzaren 25ean, Alejandro Severoren hamargarrenean, enperadore horrek Elizaren kontrako jazarpenik bultzatu ez bazuen ere, haren ministro batzuek Elizaren kontrako ekintza puntualak egin baitzituzten. Haren gorputza lurperatu gabe, ondoren jaso eta lurra eman zioten Pretextatoko hilerrian Via Apiaren ondoan.

Ez dakigu nola sartu zen haren kultua Nafarroan. Historikoki berandu izan zela dirudi, San Urbano ez baitago santuen izendegi hispanoromaniko eta bisigotikoan, ez VII. XI. mendeetako nekaldi-liburu hispanikoetan ere.

Fundazioko kondairaren arabera, baselizatik gertu elorri bat zegoen, eta haren gainean, tradizioak dioenez, San Urbano agertu zen. Ustezko mirakulua aspaldiko garai ez oso zehatzetan gertatu omen zen, hari laguntza eskatzen zion artzain gazte batek eskatuta. Artzaina maki zegoen eta sainduak hanka sendatu zion.

Antzeko mesede batzuek egin ondoren, Gaskueko jaunek, haien zerbitzariek eta herriko bizilagunek urtero maiatzaren 25ean saindua agertu zen lekura joateko botoak egin zituzten, eta San Urbano gurtzeko baseliza eraiki zuten. Herriko sinesmenak erreuma sendatzeko bertuteak aitortzen dio sainduari.

Baseliza horren jatorria ezezaguna da, neurri handi baten haren artxiboko liburuak desagertu zirelako.

Badakigu 1813an han zegoela, eta urte horretan frantsesek arpilatu zutela. Inbentario zehatz batek dio baseliza XVI. mende bukaeran berreraiki zela.

Gaur egungo baseliza neurri handiko eraikina da, oinplano berrikoa, eta obra 1905ean bukatu zen gaur duen gurutze latinoko forma emanda.

Santutegiak ermitau bat zuen, euskalduna, euskaraz mintzo zeneko eremu debozional baten ezaugarriekin bat. Urtean, haren zereginik printzipalena baselizaren mantenimenduaz arduratzea zen.

Abuztuaren 16az geroztik eta Garizuma bitartean, ermitaua herrietan zehar ibiltzen zen dirua biltzen santutegiaren beharrak betetzeko; behor baten gainean zihoan, San Urbanoren irudia zeukan kapera txiki bat zakutoan zeramala. Horregatik, “Santero” izenaz ere deitzen zitzaion.

Ermitauak eta Gaskueko San Urbanoren irudiak bisitatzen duen eskualde geografikoa bakarrik alderatzen ahal da, haren zabaleragatik, Aralarko Mikel doneak ibiltzen duenarekin. Informazio iturri batek dio azken aurreko ermitauak eta haren bi aurrekoek 369 herri bisitatu zituztela.

Antzina, erromeria maiatzaren 25ean izaten zen, San Urbano egunean.

Denboran eta espazioan haren hurbil dauden beste batzuk ez bezala, San Urbanon ez zen erromesaldi kolektiborik, Odietako bailarako herriendako bakarrik.

San Urbanoko erromeriak 1.200 kilometro baino gehiagoko lurraldea hartzera iritsi zen. Erromesak Nafarroako iparralde osotik, Sakanatik eta eskualdetik, baita Gipuzkoa eta inguruko eskualdetatik ere.

Hamabi meza ere egiten ziren latinez, sermoia gaztelaniaz, goizeko seietatik eguerdi artean, eta baselizaren inguruan prozesioa egin zen 1973 arte. Mezak bitartean euskarazko konfesio ugari egiten ziren.

Bazkaldu ondoren, zelaian arin-arin eta jotaren doinuak hasten ziren akordeoiak eta txistuak lagunduta, eta zortzikoak kantatzen ziren bertako euskaraz.

Gaur egun, herrietatik industria guneetarako migrazioaren ondorioz, eta horietako lana arautzen duen egutegiarengatik, erromeria eguna aldatu da maiatzaren 25etik maiatzaren azken igandera.

25ean ehunen bat pertsona elizkoi igotzen da baselizara bailarako herrietatik eta urrutiagotik ere, baseliza bisitatzeko tradizioa mantentzea gustukoa dutenak eta sainduaren egunean haren ohorean egiten den mezan parte hartu nahi dutenak.

Jaia lan-egutegira moldatu da, eta horrek etortzeko aukera ematen die kanpoan bizi diren bertakoei.

Odietako bizilagunendako, beste toki batzuetan herriratu diren bertakoak ere barne, haien jatorrizko nortasuna mantentzeko estrategia bat bezala da erromeria, eta haietako batzuk, hala nola Ziaurritz eta Erripakoak, elkarrekin joaten dira erromeriara.

Egun jaiaren egitura oso gutxi aldatu da. Goizak mezak egiten ematen dira, baina orain ez dira latinez izaten. Ordu oro, goizeko 9:00etatik 12:00ak arte euskaraz izaten dira, eta 13:00etan gaztelaniaz (duela bi urtez geroztik lehenbizi hiruak euskaraz eta azken biak gaztelaniaz).

Azken mezaren ondoren, herri kirolak egiten dira, eta, gero, jendea zelaian barreiatzen da bazkaltzeko eta dantza egiteko akordeoi-soinuekin ia ilundu arte, eta orduan nor bere herrira itzultzen da.

Iturria: Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoak. “Romeria de San Urbano de Gaskue. Expresiones de religiosidad, sociabilidad y reproducción de identidades colectivas“. José Ignacio Homobono. Soziologia Departamentuko irakaslea, Gizarte eta Informazio-Zientzien Fakultatean. Euskal Herriko Unibertsitatea.