Euskera
Euskararen historia eta bilakaera Odietan
Latasan (Odieta) jaio zen Sancho de Elso izeneko apaiz batek doktrina kristau bat idatzi zuen “gaztelaniaz eta euskaraz”, eta horri esker historian sartu zen euskaraz idatzi zuen penintsulako lehen nafarra bezala. Katixima 1561ean argitaratu zuen, eta, haren alerik aurkitu ez bada ere, liburu zerrenda baten bidez jakin daiteke, haren tituluaz gain, non eta noiz inprimatu zen.
Hortaz, Odietako bailararen ohorea da apaiz horren jaiolekua izatea. Sancho de Elso kokatzen da, horrela, bi euskal idazle aitzindarien artean, Etxepare (1545) eta Joanes de Lizarraga (1571).
Atzera egiten badugu 1904. urtera arte, Iruñeko artzapezpikutzak eginiko elizako gida bat aurkitzen dugu, non honako galdera hau egiten den: euskaraz mintzo da? Eta erantzuna baiezkoa da Anueko artzapez-barrutian. Barruti horretan Ultzama, Anue, Odieta, Atetz, Txulapain eta Olaibar haranak sartzen ziren.
Irigarairi esker badakigu geroago ere, 1935ean, haran horiek guztiak euskaldunak zirela.
Odietan 1860. eta 1870. urteetan 633 biztanle zeuden, horietatik 590 biztanlek euskaraz hitz egiten zuten, hau da, %90. Euskararen galera, beraz, XX. mendekoa da.
Euskararen adituek Ultzama, Basaburua Handia, Atetz, Imotz eta Anueko haranetako eta Lanzko hizkera “Ultzamako euskalkia” edo “Lizasoko aldaera” deitu izan zuten, eta Iparraldeko goinafarreraren barnean sartu.
Odieta eta Txulapaingo euskara, berriz, hil zorian dagoen hegoaldeko goinafarrera kokatuko litzateke. Duela urte batzuk euskalki hori zen zabalduena, Nafarroako mendialde, erdialde eta Pirinieoetako bailaren barrena.
Nafarroan 60ko hamarkadan izan zen industrializazioak benetako exodoa ekarri zuen herrietatik hirietako lantegietara. Herrien hustutze horrek nagusiki gazte eta emakumeengan izan zuen eragina, eta, dudarik gabe, euskarari ere eragin zion.
Baina, beste kausa batzuk ere badaude. JM Satrustegi euskararen ikertzaile eta Euskaltzainak duela urte batzuk honako adierazpenak egin zituen: “Pueden ser múltiples las causas que han provocado esta situación, pero nos atrevemos a señalar la sacudida vertebral del 36 como punto de partida negativo que provocó una serie de reacciones en cadena que, en este caso, mantienen activo su impulso demoledor”.
Odietako bailaran hiriburuak izan duen eragina oso handia izan da, jendeak hara jotzen baitu normalean. Ibar honetan gaztelaniaren aldeko hizkuntza ordezkapena errealitatea da. 1972. urteko dauten arabera, euskara 60 urtetik gorako jendearengana mugatzen zen, eta horiek ere noizean behin baizik ez zuten erabiltzen.
1935ean Odietan 677 pertsona bizi zen, horietatik euskaldunak 203 ziren; 1972. urtean, berriz, 352 biztanle zegoen, euskaldunak 37 besterik ez (1*).
Euskaltzaindiak 1979an eginiko ikerketa soziolinguistiko batetik hartutako hitzak ekarriko ditugu orain hona: “Ultzama, Atetz eta Odietako lehenengo galera arrastoak azken gerratean nabaritzen hasten dira. Badira oraindik leku batzuk euskara gailen ageri dena. Lantzen eta Anueko haranean galera zertxobait lehenago hasi zen eta euskararen presentzia ahulagoa da (EUSKALTZAINDIA 1979:49).
1996ko zentsuaren ariora, Odietan 324 lagun bizi ziren, horietatik 79 ziren euskaldunak (%24) eta 70 ia euskaldunak (%22); gainontzekoak, 175 (%54) erdaldunak. 2001. urtean, berriz, 318 biztanle ziren Odietan, 81 euskaldun (elebidun) 75 ia euskaldunak eta, beraz, 162 erdaldunak.
(1*): Iturri: “Ultzamako hizkera, Ultzama, Anue, Atez, Basaburu Nagusia, Imotz, Odieta eta Lantz”-1997 urtea- Orreaga Ibarra Murillo, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaslea.
Odieta eta Olaibarko antzinako euskara berreskuratzeko tresna: Odieta eta Olaibarko hiztegia sarean
Aitor Aranak bi hamarkadatan Nafarroako euskalki nagusia sakonki aztertu eta 20 ibarretako hiztegiak atondu eta argitaratu ditu, kasu batzuetan, Odietan adibidez; tokian tokiko laguntzari esker.
Hiztegi hauek euskararen erabilera suspertzen eta gure sustraiak ezagutzen laguntzen digute. Hainbat hiztegiren edizioak dagoeneko agortuta daudenez eta batik bat, guztiei batasun bat emateko asmoz, interneten jartzea pentsatu da, banaka eta denak batera.
Horregatik, Odieta-Olaibarren hiztegia paperean salgai badago ere, Odietako Udalak Internet bidez ere zabaltzeko laguntza eman du.
Dagoeneko 5 hiztegi jarri dira sortu berri den www.hegonafarrera.eus webgunean: Elortzibarko euskara, Odieta-Olaibarko euskara, Gesalatzeko euskara, Auritz-Orreagako euskara eta Artzibarko euskara.
Odieta eta Olaibarko euskarari dagokionez, L.L. Bonaparte printzearen sailkapenari jarraituz, Hegoaldeko goi-nafarrera da ibarrean daukagun euskalkia. Euskalki honek bederatzi aldaera zituen XIX. mendean, Bonaparteren arabera, adibidez: Oltza aldekoa, Olaibar aldekoa, Zizurkoa, Gares aldekoa… Koldo Zuazo euskalariak Elortzibarko euskara nafarra euskalkiaren barnean izendatzen du eta Iñaki Camino filologoak hego-nafarreran sailkatu zuen.
Aldaera honen azken hiztunen berri Yrizarriri esker badakigu, XX. mendean Olaibarren sei euskaldun bizi ziren. Odietan Espainiako guda zibila arte, herritarren etxeko hizkuntza euskara zen. 1986an Euskeraren Foru Legea onartu ondoren, Odieta eta Olaibar eremu mistoan kokatu eta D eredua baliatzen hasi ziren. Herri borondatea, eskola, administrazioa eta euskara zerbitzua funtsezkoak izan dira euskara bi ibarrotan ez desagertzeko.
Odieta-Olaibar aldaerak erdialdeko hitzen adibideak ditu: aurre, beste bat, ekarri, emakume, eraman, etorri, gaur, gutxi, iñor ez, iyo (igo)… Ekialdeko batzuk: altzin (aitzin), baru (barau), mazte (emakume), erte (arte; tarte)… Iparreko mailegu garbi bat fite (azkar) da eta azkenik, mendebaldeko adibide batzuk: bota, edeki (ireki), mobitu eta abar.
Aitor Aranak hiztegi hau egiteko sei iturri erabili ditu: Nafarroako Gobernua (Nafarroako toponimia eta mapagintza), Damaso Intza (Naparroa-ko euskal esaera zarrak), Iñaki Camino Lertxundi (Hego-nafarrera [Latasako testua]), Koldo Artola Kortajarena (Artola eta, Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa eta Olaibarko aldaeraren inguruan), Koldo Colomo Castro (Odietako eta Olaibarko zenbait etxe-izen) eta Fernando Maiora Mendia (Euskera lengua inteligible. Causas del retroceso, injurias, coplas…)
Hiztegiak 2.024 sarrera ditu euskalkitik batura eta alderantziz.
Espero dugu interneten jartzearekin, Odieta eta Olaibarren antzina erabili zuten aldaera hori ezagutzen eta agian erabiltzen berriro ikustea.
Esteka uzten dizuegu kontsulta dezazuen: https://www.hegonafarrera.eus/odieta-eta-olaibar-ibarra